Erlojuaren Dorrea

Elizaren ondoan dago, herria inguratzen zuen harresiarekin lotuta. Mudejar-estiloko dorre lerden bat nabarmentzen da, Erlojuaren Dorrea izenaz ezaguna, kanpandorrean erloju publikoa baitu.

Nafarroan arkitektura mudejarraren presentzia, arraroa ez bada ere, hegoalderago dauden Erriberako herrietan ohikoagoa da. Hala ere, VIII. mendetik X.era, Miranda Banu Qasi dinastiako feudoa izan zen, etenaldiekin. Ondoren, moriskoen noizbehinkako presentzia izan zen. Ez da harritzekoa, hortaz, dorrea eraikitzeko orduan, estiloaren hautaketa, kontuan izanik materiala oso eskuragarria zela eta eraikitzeko eta dekoratzeko teknika horiek eskualdean iraunen zutela.

Dorreak hiru egitura oso desberdinak ditu. Lehenak lau angeluko oinplanoa du, eta erlojuaren dorrearen eta kanpandorrearen euskarria da, antzinako harresi erromanikoarekin bat egiten duen materiala. Kanoi erdiko ganga zorrotza du, eta ate bezala erabiltzen da. Portalejo izeneko antzinako atarietako bat da. Gaur egun, egitura horretan ikus ditzakegun baoak hirugarren karlistaldian estali ziren, tropen erasoetatik babesteko. Seguruenik, garaian beiratez dekoraturik izan ziren. Bigarren egitura adreiluzko kubo bat da, Mudejarren XVI. mendean ohikoa zena, Tafallako merindadean estilo horretako dorre bakarra. Bere dekorazio geometrikoa nabarmentzen da: hormak erronboz eta adreiluz egindako arkutxo itsuez estaltzen dira, eta horrek alde hondoratuen eta irtenguneen arteko kontrastea eragiten du. Azkenik, dorreak oinplano oktogonaleko kanpandorre bat du, geroko etapa batean eraiki zena. Zortzi aldeetan zirkuluerdiko arkuak ditu, eta piramide-formako estalki batez errematatua dago.

Historikoki dorreak hiru funtzio izan ditu. Lehenik, erloju eta parrokiako kanpandorre bezala erabili izan zen, baliagarria lainoa zegoen egunetan nekazariak lanetik bueltan etxera gidatzeko. Bigarrenik, funtzio militarra zuen, zelatarientzako postua eta harresia baitzituen, udalerria inguratzen zuena. Azkenik, funtzio urbanistikoa zuen, hiribildurako sarbidea baitzen.

Dorrearen kontserbazioa arazo bat izan da hasieratik. Zaharberritze lanak egin ziren XVII eta XVIII. mendeetan. Azken hamarkadan egin da azken eraberritzea, mantentze arazoak konpontzeko. Horrela, dorrearen lehen egituraren baoak berrireki ziren, eta kanpandorrera eta erlojura iristeko sarbidea erraztu zen.

 

Jasokundeko Andre Mariaren Eliza >>>

<<< Kolomotarren Jauregia